Deskribapena
Joan den martxoan, ekitaldi berezi bat genuen antolatua: Jon Sarasua idazle eta hizkuntzalari ezagunarekin batera, euskararen etorkizuna aztertzeko hiru hausnarketa jardunaldi.
Zoritxarrez, atzeratu egin behar izan genuen, baina orain inoiz baino gogo handiagoz berreskuratu dugu ekimena.
Datorren irailaren 24, 25 eta 26an gurekin bat egitera gonbidatzen zaitugu, eta bertan aukera izango dugu:
- Euskararen etorkizunean sakontzea, adituen eta pertsona esanguratsuen eskutik.
- Ideiak eta gogoetak partekatzea espazio ireki eta aberasgarri batean.
- Gure hizkuntzarentzat etorkizun oparoa eraikitzen laguntzea.
Ez galdu euskararen etorkizunari buruzko elkarrizketa eraikitzaile batean parte hartzeko aukera paregabea.
IRAILAREN 24an, asteartearekin
EUSKARA BIHAR (I). Jon Sarasua
Hiru eguneko gogoeta
Hiru eguneko gogoeta abiatuko da, lemazaina Jon Sarasua izanik. Hiru begirada, hiru hausnarketa proposatzen dizkizuegu. Hasiera honetan, solasaldia Jon Sarasuaren eskutik dator, geroago Iparraldeko eta Arabako gonbidatuak izango ditugu, ezinbestekoa den geroko diseinu honetan. Jakin nahi dugu zein izan daitezkeen euskararen etorkizun-bideak.
Euskararen biziberritze-prozesua une delikatuan aurkitzen da. XXI. mendeko faktore sozial eta teknologiko berriek ireki duten aroak gonbidatzen gaitu euskararen estrategia nagusiak berpentsatzera. Are gehiago, estrategien ama izan ohi den bisio edo etorkizun-ikuspegia bera berregin beharrean gaude.
Euskararen biziberritzean, batetik, gizarte terminotan pentsatu eta ekin behar dugu, eta bestetik, komunitate terminotan. Bi dimentsio horiek bereiziz baina elkarrekin lotuz, gizarte politikak eta komunitate estrategiak egituratu behar ditugu. Etorkizun-ikuspegiaren marrazketa horretan pauso batzuk eman dira azken aldian, eta horiek partekatzea nahi genuke solasaldi honen bidez.